XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gauza ziurra da, goian Orixeren testuan ikusi den bezala, Pedro Leturiaren laguntzaz ikasi zuela Filosofia osoa, dena belarriz.

Ez al da fenomeno baten lana, entzumenari esker soilki, azterketak gainditu ahal izatea bakarrik?

Nik ez dakit Estefania argia, Orixeren kasuan jarri eta, nola aterako zen froga horretatik.

Agian, orexarra baino airosoago.

Dena dela, ni bederen, Orixeren oroimen indartsuak benetan txunditua uzten nau.

Maisutzan sei urte (1914-1919) egin eta gero, Teologiako lehen urteari ekin zion 1920an, 32 urterekin eta A. Bianchi Errektore zela.

Guztira, urte honetan 40 teologo-ikasle zeuden Oña-n.

Lehen urtean, 9 lagun zehazki.

J. M. Estefaniak Teologiako bigarren urteari ekin zion Orixe lenengoarekin hasi zenean.

Hau izango da leku berean egiten duten azken ikasturtea (1920-1921).

Sei urteren buruan berriro elkarrengana jotzen dute, J. M. Estefania Urduñatik etorria eta Orixe, berriz, Xabiertik.

Honen etorrerak, euskarari dagokionez, ekarri zuen berritasunik Oña-ko ikesketen plangintzan.

Eta da euskal akademiako prefektu izendatu zutela, lehen izendapena jesuiten artean 32 Euskal Akademia hau 1922ko urriaren 3an sortu zen, berorren helburuak arautegi batean finkatzen zirelarik. Patxi Altunak honela iruzkintzen du Orixeren izendapenari buruzkoa: Sortu da euskal akademia; berorren bizi-indarrak eta dinamikak urraraziko ditu gero muga eta baldintza horiek. Izan ere, norbaitek idatzi beharko zuen, bada, Deya -n! Arau horiek ezarriz ordea, bere burua zuritutzat ematen zuten Agintariek eta hor konpon gero, nolako euskara ikasten zuten gazteek! Hori beren gain geldituko zen eta batez ere Akademiaren buru izendatzen zutenaren gain. Eta badakizue nor izendatu zuten, Orixe, lehen nazionalista zelako salakuntza sartu ziotena (Ibid., 111 or.)..

Bizi-urratsak liburukian esana dut Orixek naigabe handia izan zuela, teologi ikasketak hasterakoan, cursus minor egin behar zuela esan ziotenean.

Orain ikasi dut, Altunarena irakurrita, zergatik hartaratu zuten Nagusiek.

Honela kontatzen du: Badakizue, lehen esan baitut, nolako notak atera zituen Filosofiako hiru ikasturteen amaierako De universa Philosophia zeritzan azterketan: bi aegre (doi-doi, alegia) superavit eta hiru attigit. Esan dezagun garbi, suspensorik ez, baina Superavit garbitik urruntxoko notak, eta -Orixek agian ez zekien, nik ere ez, harik eta duela ia hogeitamar urte neure irakasle izan zenagana horren argitasun eske jo dudan arte- azterketa hura gainditutzat emateko Superavit garbia beharrezko zen. Hori dela eta, urteroko gogojardunak aita Sautu herri misiolari famatuarekin egin eta ikasturteari ekitean, horra non gaztigatzen dion Erretoreak, aita Bianchik, cursus maior-eko ikaskizunak ez baizik cursus minor-ekoak egin behar dituela, nota exkaxak atera zituelako 33 Ibid., 110 or.